Ekitaldi hau jada igaro da. Ikusi datozen ekitaldiak
2026/10/02

"Badiako ikastola txiki kementsu haiek"

"Badiako ikastola txiki kementsu haiek"

"Badiako ikastola txiki kementsu haiek"
Zinema eta ikus-entzunezkoak

Deskribapena

Pasaiako eta Lezoko udalek Badiako ikastola txiki kementsu haiek dokumentala aurkeztuko dute datorren urriaren 2an, ostirala, 19:00etan, Pasai Donibaneko Juanba Berasategi aretoan. Lehen proiekzio honekin, bi udalek 1960ko eta 1970eko hamarkadetan Pasaian eta Lezon euskarazko hezkuntzaren alde egindako ibilbidearen memoria berreskuratu eta herritarren artean partekatu nahi dute.

Dokumentalak Pasaian izandako ikastola txikien eta bertako andereñoen historia jasotzen du, baita Lezoko ikastolaren ibilbidea ere. Frankismoaren garaian, Pasaiako lau barrutietan —Antxon, Donibanen, San Pedron eta Trintxerpen— ikastola txikiak sortu ziren, eta Lezon ere bide bera egin zuten. Hasierako proiektu horiek elkarren artean harremanak sendotzen joan ziren, eta, ondoren, guztiak batzeko prozesua abiatu zen, Pasaia-Lezo Lizeoa sortzeraino. Dokumentalean jasotako testigantzek, besteak beste, gurasoen eta irakasleen auzolana, ikastolen antolaketa eta elkartzeko beharra, eta ikasle-ohien bizipenak jasotzen dituzte.

Memoria hori osatzeko, Euskal Herriko Ahotsak proiektuak Pasaia eta Lezoko garai hartako protagonistak elkarrizketatu ditu. Elkarrizketetan jasotako ahozko ondarea da dokumentalaren oinarria, eta 30etik gora pasaitar eta lezoarren testigantzak bildu dira ikus-entzunezkoan. Baita haiek lagatako argazki eta bideo zaharren bilduma ere.

Testigantza horiek erakusten dute ikastolen sorrera ez zela soilik hezkuntza-proiektu bat izan, euskaraz ikasteko eta hezteko herriaren nahia gauzatzeko ahalegin kolektiboa baizik. Gurasoek, andereñoek eta herritarrek auzolanean egin zuten aurrera, eta pixkanaka ikastola txikiak elkartzeko prozesua abiatu zen. 1970eko hamarkadaren amaieran eman zen hurrengo urratsa, eta Pasaia-Lezo Lizeoa 1976an eraikitzen hasi eta 1979an inauguratu zen ofizialki.

Dokumentalaren aurkezpen-ekitaldian filmaren proiekzioa eta ekitaldi labur bat izango dira, eta, amaitzeko, mokadutxoa eskainiko zaie bertaratzen direnei.

Sarrerak doan eskuratu daitezke Bibe.me plataforman, edukiera bete arte. Dokumentalean parte hartu dutenek, ordea, antolatzaileen deia jasoko dute eserleku erreserbatua eskaintzeko.

"Badiako ikastola txiki kementsu haiek"

Lekua / LugarJuanba Berasategi Aretoa
Herria / Municipio
Prezioa / PrecioDoan
Ordutegia / Horario19:00
Iturria / Fuentepasaia.eus

Kokalekua