Ekitaldi hau jada igaro da. Ikusi datozen ekitaldiak
2026/09/28 - 2026/10/04

Donostia Zinemaldia Azkuna Zentroan 2026

Donostia Zinemaldia en Azkuna Zentroa 2026

Donostia Zinemaldia Azkuna Zentroan 2026
Jaialdia

Deskribapena

Aurten ere, eta Donostian oihala jaitsi eta bi egunera, Azkuna Zentroak Zinemaldiaren azken edizioan estreinatutako film sorta bat aurkeztuko du Bilbon, Donostiako Zinemaldiarekin lankidetzan.

Astebetez, programak zinema garaikidearen panoramika bat eskaintzen du, nazioarteko film luze argitaragabeen, opera primen eta mundu osoko jaialdietan txalotutako filmen bidez. Gainera, asteburuan zehar, haur eta familientzako proiekzio sorta batek osatuko du programazioa, haurrek eta haien familiek esperientzia zinematografikoaz elkarrekin goza dezaten.

Zinemiran estreinatutako Igor Legarretaren Inurri itsuak filmarekin abiatuko da programa. Legarretak eta Andoni de Carlosek euskaraz idatzitako gidoiak Ramiro Pinillaren Las ciegas hormigas eleberri entzutetsua du oinarrian, 1930eko hamarkadako Espainian kokaturiko biziraupen-istorio bat, 1961ean Nadal Saria irabazi zuena. Urko Olazabal, Itziar Ituño, Josean Bengoetxea, Miren Gaztañaga eta Carlos Santos dira filmeko protagonistak, eta Bizkaiko hainbat tokitan filmatu dute.

Sail Ofizialetik lau proposamen iritsiko dira Bilbora, familia-harremanak eta eraldaketa pertsonala ikuspegi desberdinetatik aztertzen dituzten lau lan. Hala nola 5 minutos más komedia, Javier Ruiz Calderak zuzendua eta Berto Romerok idatzia, gidoilari gisa izandako estreinaldian. Romero, gainera, protagonistetako bat da, Belén Cuesta eta Javier Cámararekin batera. Bestetik, Amanda Kernell-en Garrat du váimmu film suediarra izango dugu ikusgai. Bertan, neska gazte bat borroka latzean aritzen da bere familiaren elur-oreinen taldea bizirik edukitzeko, bere mugak gaindituz eta bere benetako amodioari uko eginez. Zuzendari honek Europa Cinemas Label Award eta Veneziako zuzendari berririk onenaren Fedeora saria eskuratu zituen Sami Blood (2016) filmarekin. Bere bigarren film luzea, Charter (2020), Sundancen lehiatu zen, eta Suedia ordezkatu zuen Oscar sarietan.

Muyou no Hito filma Maha Harad idazle japoniarraren debut zinematografikoa da. Gidoi propioa du, berak idatzitako An¿Unnecessary Man eleberrian oinarritua. Museoko emakume langile baten istorioa du kontagai, giltza misteriotsu bat jasotzen baitu, jada hilda dagoen bere aita urte batzuk lehenago bizi izan zen gela irekitzeko modukoa. The Debut filmak Julianne Moore eta Paul Giamatti ditu protagonista. Istorio honetan, etxekoandre lotsati bat musika-izar bihurtzen da ustekabean. Jesse Eisenbergek idatzi, zuzendu eta ekoitzi du filma, eta, gainera, aktore gisa parte hartu, eta jatorrizko musika eta letrak egin ditu.

Perlak ataleko film-aukeraketan, Tangles dago lehenik, Leah Nelsonen debuta animazioko film luzeetan. Familia batek jaioterrira egindako itzulerak eta memoriaren narriadurak zeharkatzen dute istorioa. Filmak Julia Louis-Dreyfus, Abbi Jacobson, Bryan Cranston eta Seth Rogenen ahotsak ditu, besteak beste. Atal honetako The Invite filma ere izango dugu ikusgai. Olivia Wilde zuzendariak egindako satira honek komedia eta drama uztartzen ditu, bikote-bizitzan ager daitezkeen arrakalak aztertzeko. Seth Rogen, Penélope Cruz eta Edward Norton dira filmeko protagonistak. Sundancen aurkeztu zuten, eta oso harrera ona izan zuen kritikarien artean.

Atal hau osatzeko, Zinemaldian Gazteak, zinema, memoria eta demokrazia izenpean proiektatutako bi film ditugu. Lehenbizikoan, Pawel Pawlikowski gerraondoko Europara jotzen du berriz Fatherland lanarekin. Aldi hori jorratua zuen lehenago, ingelesez besteko filmik onenaren Oscar saria irabazi zuen Ida (2013) lanean, eta Cannesen zuzendaririk onenaren saria eskuratu zuen Cold War (2018) filmean. Film berriak harreman bat du ardatz: Thomas Mann idazlearen eta aktore, idazle eta automobilismo-pilotua izan zen bere alaba Erikaren artean izandakoa. Bigarren filma Cristian Mungiu-ren Fjordda, Canneseko Urrezko Palma irabazitakoa. Istorioan, Errumania-Norvegiako bikote bat urruneko komunitate batean kokatzen da, eta beren hezkuntza-metodoek susmoak pizten dituzte biztanleen artean.

Bestalde, Donostia Zinemaldia Azkuna Zentroan programak haurrentzako film-sorta bat proposatzen du, esperientzia zinematografikoaz familiartean gozatzeko. Asteburuan, Tafiti eta lagunak eta Maracuda filmak egongo dira ikusgai. Lehena animalien fabula bat da, kulturen arteko adiskidetasuna ardatz duena; bigarrena berriz, kutsu baldar eta fantastikoa duen abentura bat da, estralurtar magikoak eta dinosauroak Paleolito garaian elkartzen dituena. Biak euskarara bikoiztuta proiektatuko dira.

Donostia Zinemaldia Azkuna Zentroan 2026

Lekua / LugarAZ Azkuna Zentroa
Herria / Municipio
Prezioa / Precio5 €
Ordutegia / Horario—
Iturria / Fuenteazkunazentroa.eus

Kokalekua